- Aldi baterako kontratazioko zerrendak egin eta kudeatzeari buruz Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan indarrean dagoen araudia
- Osakidetzako zerbitzu sanitarioetan pertsonal ez finkoa kontratatzeko zerrenda-sistema arautzekoa den Osakidetza Ente Publikoaren Administrazio Kontseiluaren 2004ko urtarrilaren 26ko Erabakiaren bidez arautu egin zen Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren zerbitzu-erakundeetan aldi baterako kontratatzeko zerrenda-sistema, 2002ko Enplegu Publikoaren Eskaintzaren deialdiko emaitzak kontuan hartuta.
- Era berean, berriki sartu da indarrean 2008ko maiatzaren 29ko Erabakia, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena. Honen bidez egokitzen da 2004ko urtarrilaren 26ko Erabakia, Enteko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan aldi baterako pertsonal estatutarioa kontratatzeko sistema arautzen duena, horrela 2006ko Enplegu Publikorako Eskaintzatik eratorriko diren aldi baterako kontratazioko zerrendak egin ahal izateko.
- Hobeto ulertu ahal izateko, bi erabaki horiek, 2004ko urtarrilaren 26koa eta 2008ko maiatzaren 29koa, bateratu egin dira ondorengo testu honetan, beti ere Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako testuek balioa izango dutelarik.
-
Lehen atala: Aplikatzeko eremua
- Erabaki honek arautuko du Osakidetzaren menpeko zerbitzu-erakundeetan langile hauek kontratatzea: aldi baterako pertsonal estatutarioa, pertsonal sanitarioa nahiz kudeaketa eta zerbitzuetako pertsonala, hala nola, lan-legepeko enplegu-harremana duen pertsonala kontratatzea, erretiro partzialari helduta dauden langileak ordezkatzeko errelebo-kontratu bidez.
- Erabaki honen ondorioetarako, pertsonal estatutario finkoa esateak barne hartzen ditu pertsonal funtzionarioa eta pertsonal laboral finkoa, Osakidetzari atxikia.
-
Bigarren atala: Izendapen-motak
- Aldi baterako pertsonal estatutarioaren izendapenak interinoak, ebentualak edo ordezkatzekoak izan daitezke:
- 1. Izendapen interinoa egingo da Osakidetzako zerbitzu-erakundeetan lanpostu huts bat betetzeko, dagozkion funtzioak egin behar direnean. Interinoak lanpostua utzi beharko du, indarreko araudian ezarritako edozein horniketa-motaren bidez, pertsonal estatutario finkoa, funtzionarioa edo laboral finkoa lanpostu horretan sartzen denean, baita lanpostu hori kentzen denean ere.
- 2. Izendapen ebentuala kasu hauetan egingo da:
- a) Aldi baterako, koiunturako edo ohiz kanpoko zerbitzu jakinak egin behar direnean.
- b) Etengabeko atentzioko zerbitzuak egin behar direnean zentro sanitarioen etengabeko funtzionamendu iraunkorra bermatzeko.
- c) Ohiko lanaldi bat murriztean zerbitzu osagarriak egin behar direnean.
Ebentualak lanpostua utzi beharko du horretarako zergatia sortzen denean edo bere izendapenean berariaz zehazten den epea betetzen denean, baita izendapen hori eragin zuten funtzioak bertan behera uzten direnean ere.
- 3. Ordezkatzeko izendapena egingo da pertsonal estatutario, finko, interino edo ebentualaren funtzioak bete behar direnean oporraldietan, baimenetan eta bestelako arrazoiengatik aldi baterako lanera ez joatean, betiere, lanpostua gorde behar denean.
Ordezkoak lanpostua utzi beharko du ordezkatzen ari den pertsona lanpostu horretara bueltatzen denean, baita horrek lanpostu edo funtzio berberera bueltatzeko eskubidea galtzen duenean.
-
Hirugarren atala: Zerrenda-motak
Bi zerrenda-mota izango dira:
- 1. Lanpostu hutsak eta erreserbatuak betetzeko zerrenda (hemendik aurrera, Lanpostu hutsen zerrenda). Zerrenda horren bidez kasu hauek beteko dira:
- a) Lanpostu hutsak.
- b) Zerbitzu bereziak edo nahitaezko eszedentzia.
- c) Amatasun eszedentziak.
- d) Zerbitzu-eginkizunak.
- e) Liberazio sindikalak.
- f) Sei hilekoak edo luzeagoak diren izendapen ebentualak, 2.2.a) atalean ezarritako kasuan.
- g) Aldi baterako barne-sustapenak.
- h) Goragoko mailako funtzioak betetzea
- i) Erreleboko lan-legepeko kontratuak
- 2. Ordezkapen eta ebentualitateen zerrenda (hemendik aurrera Ordezkapenen zerrenda). Horren bidez gainerako kasuak beteko dira.
-
Laugarren Atala: Zerrendak egiteko irizpideak
Zerrendak ondorengo baremoa aplikatuta antolatuko dira:
- 1.– 2006ko EPEko oposizioaldia: gehienez 100 puntu.
- Oposizioaldiari dagokion puntuazioa honela lortuko da: gorengo puntuazioa emango zaio kategoria bakoitzean puntuaziorik altuena lortu duenari eta gainerakoei, berriz, aipatutako irizpidearen araberako puntuazio proportzionala aplikatuko zaie.
- Oposizioaldiak bi proba baztertzaile zituen deialdietan, puntuazioa aterako da proba bakoitzean lortutako puntuak batuta eta horren batez bestekoa eginda.
- Izangaiak lehenengo ariketa bakarrik egin zuen kasuetan, puntuazioa ariketa horretan lortutako puntuazioaren erdi aritmetikoa izango da.
- 2.– Lan-esperientzia: gehienez 60 puntu.
- Dagokion kategorian egindako zerbitzuak, 2006ko EPEn kategoria horretako deialdian ezarritako moduan zenbatuta. 2006ko EPEn lan-esperientziari emandako gehienezko puntuazioa 60 puntukoa baino txikiagoa izan den kategorietan, puntuazio hori modu proportzionalean moldatuko da 60 puntuko gehienezko puntuaziora.
- Dena dela, Familiako Medikuen kategorian prestakuntzako aldia, Familia eta Komunitateko Medikuntzako Espezialitatean, lan-esperientzia gisa zenbatuko da, 6 urteko zerbitzuekin baliokidea izango delarik. Baina, lan-esperientziaren gehienezko puntuazioak ezin izango du 60 puntuko gehienezko muga gainditu.
- 3. Euskara: Euskararen erabilera normalizatzekoa den martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuan araututakoa aplikatuz, eta aldez aurretik dagokion dokumentazioa aurkeztuta, kategoria bakoitzari esleituko zaio 2006ko EPEko deialdiko oinarrietan euskeraren atalean jasotako puntuazioa.
- Puntuetan berdinketa: puntuetan berdinketa gertatuz gero, Osakidetzako 2006ko deialdietan kasu hauetarako ezarri diren irizpideen arabera erabakiko da.
-
Bosgarren atala: Zerrendetan izena ematea
- 1. Eskabidea aurkeztea.-
- Internet bidez bakarrik egingo da, http://www.osanet.net/ web orrian edo Osakidetzako Intraneten eskura dagoen eredua beteaz.
-
2. Izangaiek bete beharreko baldintzak.-
- Honen bidez arautzen diren zerrendetan parte hartzeko, izangaiek bete beharko dituzte Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 1082/2006 Ebazpenaren 6.2. oinarrian ezarritako baldintzak. Aipatu Ebazpenaren bidez onartu ziren Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan lotura estatutario finkoa lortzeko hautatze probak arautu dituzten oinarri orokorrak (2006ko urriaren 24ko EHAA). Izangaiek, gainera, kategoria/lanpostu funtzional bakoitzaren deialdiko oinarri espezifikoetan ezarritako baldintzak ere bete beharko dituzte.
- Izangaiek baldintzak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko azken egunean, eta zerrendetan jarraitu ahal izateko baldintza horiek betetzen jarraitu beharko dute.
-
3. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.-
- Sartu nahi den kategoria/lanpostu funtzionaleko oposizioaldia gaindituta, kategoria/lanpostu funtzional horri dagozkion dokumentazioa eta titulazioa 2006ko EPEn ezarritako epearen barruan aurkeztu dituztenek ez dute zertan aurkeztu berriro, nahikoa delarik eskabidea aurkeztea.
- Era berean, Osakidetzan zerbitzuak egin dituztenek ez dute aurkeztu behar egindako zerbitzuen egiaztagiririk, zerbitzu horiek ofizioz baloratuko baitira.
- Aurreko salbuespenak kontuan hartuta, aurkeztu beharreko dokumentazioa hauxe izango da:
- a) NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.
- b) Sartu nahi den zerrendako lanpostuan aritzeko beharrezkoa den Hezkuntza eta Zientziako Ministerioak emandako titulazioaren fotokopia konpultsatua edo notarioak emandako fedea, edo bestela, titulazio hori emateko ordaindu beharrekoa ordainduta izatea. Titulu horiek Europako Batasuneko estatu kideetan lortutakoak izanez gero, Hezkuntza eta Zientziako Ministerioak estatu horietako tituluei balioa aitortzeko eman duen agindua ere aurkeztu beharko da.
- c) Lan-esperientzia aitortzen duen jatorrizko ziurtagiria edo horren kopia kautoa, notarioak egina, bertan xehe adieraziz: lan-denboraldi desberdinetan izandako kategoria, lotura juridikoa eta taldea, bai eta noiztik (eguna, hilabetea eta urtea) noiz arte lan egin duen ere (eguna, hilabetea eta urtea). Ziurtagiri horrek dagokion administrazio publikoko organo eskudunek emana behar du izan, eta horrelakoetarako ezarrita daukan ereduari jarraitu behar dio; eta bertan zehaztu behar du, gorago adierazitako edukiarekin, lan egindako denboraldiak zein izan diren.
- d) Izangaiak, kasua bada, egiaztatuta duen euskera tituluaren fotokopia konpultsatua.
-
4.– Destinoak aukeratzea.–
- a) Lanpostu hutsen zerrenda.– Kategoria bakoitzeko lanpostu hutsen zerrendan sartzeko, eskatzaileek izena eman ahalko dute osasun-barruti batean, bitan edo hiruretan. Izan ere, osasun-barruti horiek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde historikoekin bat datoz.
- b) Ordezkapenen zerrenda.– Pertsona bakoitzak zerbitzu-erakunde bitan sartzeko eska dezake (ospitaleak, eskualdeak, emergentzietako lurralde-unitateak, ospitalez kanpoko osasun mentaleko zerbitzuak, Transfusioen eta giza ehunen euskal zentroa).
Eskualdea, Ospitalez kanpoko osasun mentaleko zerbitzua, Emergentzietako lurralde unitatea edo Transfusioen eta giza ehunen euskal zentroa aukeratuz gero, azpizatiketa bat egin ahalko da, gehienez bost (5) toki hartuta, toki horiek honelakoak izanik: Lehen mailako atentzioko unitateak, Osasun mentaleko zentroak, Emergentzietako lurralde unitateak edo Transfusioen eta giza ehunen euskal zentroa. Azpizatiketa horretan ezer aukeratu ezean, aukeratutako eskualdeak, zerbitzuak, unitateak edo zentroak hartzen duen eremu osoa hartuko da kontuan.
Zerbitzu-erakundea aldatuz gero, zerrendak moldatzeko dagokion prozedura ezarriko da.
-
5.– Izendapenak egiteko prest egotearen modalitatea.
Eskabidea aurkeztean, eskatzaileak aukeratu beharko du asteburuetako zerbitzua indartzeko eta/edo lanaldi laburtuko izendapenak egin nahi dituen ala ez. Era berean, izendapen horiek egiteko prest egotearen modalitate hau aldatu ahal izango da Erabaki honen 9.4. atalak ezarritakoaren arabera.
-
6.– Ofizioz baztertzea.
Ondorengo kasu hauetako batean daudenek ezin izango dute zerrendetan izena eman eta ofizioz baztertuak izango dira:
- a) Osakidetzari atxikita egotea, bai jabetzapeko izendapena duen pertsonal estatutario gisa, bai karrerako funtzionario gisa, edo sartu nahi den kategoria/lanpostu funtzionalean lan-kontratu mugagabe bati lotuta egotea.
- b) Sartu nahi den kategoria/lanpostu funtzionaleko pertsonal estatutario finkoa izatea, Gizarte Segurantzako instituzio sanitarioetan edo autonomietako osasun zerbitzuetan destinoa betetzen ari dena edo destinoa gordeta duena, baita instituzio edo zerbitzu horietatik datorren pertsonala ere aktiboaz bestelako egoeran egonez gero.
-
Seigarren atala: Uko egitea
-
1. Lan egiteko deitu aurretik borondatezko uko egitea onartzea.
Izendapen-eskaintza bat jaso aurretik, lanpostu hutsen zerrendako osasun-barruti bati edo batzuei uko egiteko eta horietatik kentzeko eska daiteke, edo zerbitzu-erakunde bati edo, Lehen mailako atentzioaren kasuan, Lehen mailako atentzioko unitateei, Osasun mentaleko zentroei, Emergentzietako lurralde unitateei edo Transfusioen eta giza ehunen euskal zentroari ordezkapenen zerrendako osasun-zentro batzuetan, betiere, aurretik izena emandako zerrendei dagokienez.
-
2. Izendapena egiteko eskaintzari uko egitea.
Orokorrean, izendapena egiteko eskaintzei ezin zaie uko egin. Dena dela, uko egitea onar daiteke, izendapena eskaintzen den unean, justifikatzeko arrazoi hauetako bat gertatzen denean:
- a)Izangaia zerbitzu berezietako egoeran jartzeko kasuren batean egotea. Izan ere, kasu horiek jasota daude Funtzio Publikoaren legedi orokorrean, hala nola, eskaintzaren unean indarrean dagoen Osakidetzako pertsonalaren lan-baldintzen Akordioan.
- b) Kategoria/lanpostu funtzional desberdineko izendapen bat indarrean edukitzea, izendapena eskaini den zerrenda berean, edo eskatzaileak aukeratu ez duen zerbitzu-erakunde baterako eremuko zerrendako eskaintza izatea.
- c)Izangaia beste administrazio publiko batean aldi baterako lanean aritzea.
- d)Izangaia Osakidetzan lanean egotea, izendapen interino edo ebentualaz 3.1. atalean ezarritako kasuetan, betiere, horren izendapena 2006ko EPEtik eratorritako dagokion kategoria/postu funtzionaleko zerrenda indarrean sartu baino lehenagokoa bada. Arrazoi hori kontuan hartuko da pertsonarekin harremanetan jartzen den lehenengo aldian bakarrik, eta ez da dagokion kategoria/postu funtzionaleko zerrendan agertuko berriro deitzeko moduan, indarrean duen kontratua bukatu arte.
- e)Izangaia Osakidetzan lanean egotea, ordezkatzeko izendapen edo izendapen ebentualaz 3.2. atalean ezarritako kasuetan eta moduan, betiere, izendapen horren iraupena 6 hilekoa edo luzeagoa bada.
- f) Kontratatzeko eskaintza egitean, izangaia ezkondu ondorengo 20 egun naturaleko aldian egotea edo kontratazioa aldi horretan hastea. Gauza bera gertatuko da ezkontzaz kanpoko bestelako bikoteak elkartzen direnean, baldin eta elkarrekin bizi diren ziurtagiria aurkezten badute, ziurtagiri hori egin eta 20 egun naturaleko epean.
- g) Izangaia aldi baterako ezintasuneko, ezintasun osoko, ezintasun absolutuko egoeran edo baliaezintasun handian dagoenean, horrelakoetan ez baitzaio izendapen berririk eskainiko alta agiri fede-emaile baten bidez jakinarazi arte, agiri hori dagokion zerbitzu-erakundean aurkeztuta.
- h) Andre langilea umea izan baino hamar aste lehenago egotea, edo erditu ondoko hamazazpi asteen barruan egotea, eta erditze anizkoitzaren kasuan hemeretzi asteen barruan. Adopzioaren kasuan berdin jokatuko da, eta uko egitea arrazoi justifikatutzat hartuko da.
- i) Izangaiak erakunde ofizial batek emandako beka bat izatea edo ikasketa ofizialak egiten egotea edo HABEK homologatutako zentroetan egindako alfabetatze ikastaro trinkoak edo barnetegiak, eta ez zaio beste izendapen bat eskainiko harik eta beka, ikasketa ofizialak edo ikastaroa bukatu direla fede emanez jakinarazi arte.
- j) Izangaiak hauetako bat ikastea: osasun-zientzietako prestakuntza espezializatuko aldiak, lanbide hobekuntzarako ikastaroak edo Osakidetzako zerrenda espezifikoetarako prestakuntza, graduondokoak eta/edo masterrak, zentro ofizialetan emanak, eta 25 kreditu edo gehiagoko baliokideak direnak. Ez zaio beste izendapen bat eskainiko harik eta prestakuntzako aldia, ikastaroa, graduondokoa edo masterra bukatu dela testigantza egiatiaz jakinarazi arte.
- k) Askatasun-gabetzearen kasuan, izangaiak eska dezake bere uko egitea onar dakion, epai kondenatzaile irmoa ez duen bitartean, eta zerrendetan berriro deitzeko moduan egongo da askatasuna berreskuratzen duenean, betiere, askatasuna berreskuratu eta hilabeteko epean jakinarazten badu.
- l) Izangaiak, legezko zaintza dela-eta, jarduera ordaindurik betetzen ez duen minusbaliatu fisiko, psikiko edo sentsorialaren bat bere ardurapean edukitzea. Hori egiaztatzeko beharrezko dokumentazioa aurkeztu behar da.
- m) Izangaiak senide bat zaintzeaz zuzenean arduratu behar izatea. Senide hori odolkidetasun edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara artekoa izan daiteke, adin (65 urtetik gorakoa izatea), istripu edo gaixotasun arrazoiengatik ezin da bera bakarrik baliatu eta ez du jarduera ordaindurik betetzen. Hori egiaztatzeko beharrezko dokumentazioa aurkeztu behar da.
- n) Izangaia bizitza pertsonala, lana eta familia bateratzeko eskubideaz baliatzen denean.
- ñ) Ordezkapenen zerrendatik izendapen bat eskaintzen denean, uko egiteko goian adierazitako arrazoiez gain, hiru hauek ere izango dira:
- 1. Edozein enpresa pribatutan lanean egotea, lan-kontratua aurretik aurkeztuta.
- 2. Lanpostu hutsen zerrendako izendapen bat indarrean edukitzea.
- 3. Odolkidetasun edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko senideen gaixotasun larria edo heriotza, 7 egun baino gutxiagoko izendapenetarako.
Uko egiteko, kasu bakoitzean justifikatzen den arrazoia ondorengo protokoloaren arabera egingo da:
- Lehenengoa.– Izendapen baterako eskaintzari uko egiten dionak horren zergatia justifikatu beharko du eskaintza jakinarazi eta handik 10 egun baliodunera, dagokion kontratazio zerbitzuan, araudian ezarritako uko egiteko arrazoietako bat gertatzen dela dokumentuen bidez alegatuz. 10 eguneko epe hori zenbatzeko, jakinarazpena burututzat ulertuko da zerrendak kudeatzeko sistema informatikoan jasotzen denetik, deia egitean.
- Bigarrena.– Aurreko kasuan, zerrendako pertsona batek ez balio dagokion kontratazio zerbitzuari dokumentuen bidez justifikatuko araudian ezarritako uko egiteko arrazoiren bat gertatzen dela, jakinarazpena egin eta biharamunetik hasita 10 egun balioduneko epean, ez zaio urtebeteko epean izendapenik eskainiko. Bigarren aldiz justifikaziorik gabe izendapen bati uko egiten badio, dagokion kategoria/lanpostu funtzionalaren zerrendatik kanpo geratuko da behin betiko.
-
3.– Lanpostu hutsen zerrendatik deituta indarrean dauden izendapenei uko egitea.
Lanpostu hutsen zerrendatik kategoria/lanpostu funtzional jakin batean izendatutako langileek izendapen horri balio osoz uko egin diezaiokete, lanpostu hutsen zerrendatik eskainitako beste izendapen bat onartzen dutenean, izena emandako kategoria/lanpostu funtzionalaz bestelakoa bada.
-
4.– Ordezkapenen zerrendatik deituta indarrean dauden izendapenei uko egitea.
Ordezkapenenen zerrendatik deituta kategoria/lanpostu funtzional jakin batean izendatutako langileek izendapen horri uko egin diezaiokete, lanpostu hutsen eta erreserbatuen zerrendatik eskainitako izendapen bat onartzen dutenean.
-
5.– Asteburuko zerbitzua indartzeko eta/edo lanaldi laburtuko izendapenei uko egitea.
Horrelako izendapen bat egitea aukeratu dutenek, izendapen hori indarrean dagoela, sei hilean behin uko egin dezakete, betiere, idatziz adierazten badute 6 hileko epe bakoitzeko azken 15 egunak iritsi aurretik. Eta hori ez da zerrendetatik kanporatzeko arrazoia.
-
6.– Espezialitate bat izatea eskatzen den zerrenda batetik deituta indarrean dauden izendapenei uko egitea.
Dagokion kategoria/lanpostu funtzionalean aritzeko, espezialitate bat izatea eskatzen den zerrenda batetik deituta, langileek indarrean daukaten izendapenari uko egin diezaiokete. Era berean, ez dira aldi baterako zerrendetatik kanporatuko, betiere, espezialitateko izendapen berria onartzen badute.
-
7.– Aldi baterako eskaintza guztiei uko egitea edo indarrean dauden izendapenei uko egitea 3 urte baino gutxiagoko semea/alaba zaintzeko.
Zerrendetan daudenek hilabeterako gutxienez uko egin diezaiekete izendapen-eskaintza guztiei, edo Osakidetzan duten izendapenari semeak/alabak 3 urte bete arte. Uko egitea idatziz eskatu beharko da eta izangaiek izena eman duten kategoria/lanpostu funtzional eta zerrenda guztietara hedatuko da.
-
8.– Aldi baterako izendapen-eskaintza guztiei uko egitea.
Ordezkapenen zerrendetan daudenek Osakidetzaren izendapen-eskaintza guztiei aldi baterako uko egin diezaiekete urte natural bakoitzeko hilabeteko epean, betiere, ondorengo baldintzak betetzen badituzte:
- 1. Uko egitea idatziz eskatu beharko da, izangaiek izena eman duten kategoria/lanpostu funtzional guztietan aplikatuko dena.
- 2. Izendapen-eskaintza bat egin aurretik aurkeztu beharko da.
- 3. Ordezkapenen zerrendan bakarrik izango du eragina.
- 4. Hilabete horren epean ezin izango da eskatu ordezkapenen zerrendan berriro aktibatzeko.
- 5. Hilabeteko epe hori beteta, zerrendetan berriro aktibatuko da automatikoki.
- 6. Orokorrean, ezin izango da eskatu Aste Santuan, Gabonetan eta oporraldian, ekaina, uztaila, abuztua eta iraila hartzen dituena.
-
9.– Aldi baterako eskaintza guztiei uko egitea edo indarrean dauden izendapenei uko egitea nazioarteko erakundeetan, destinoa atzerrian duten GKE sanitarioetan, atzerriko gobernu edo erakunde publikoetan edo nazioarteko lankidetzako programetan parte hartzeko.
Nazioarteko erakundeen lanetan, destinoa atzerrian duten GKE sanitarioetan, atzerriko gobernu edo erakunde publikoetan edo nazioarteko lankidetzako programetan parte hartzen dutenek uko egin diezaiokete indarrean duten izendapenari, aldi baterako kontratatzeko zerrendetatik baztertuak izan gabe, betiere, parte hartze hori fede emanez egiaztatuz gero.
-
Zazpigarren atala: Izendapen bat edo uko egite justifikatu bat bukatutakoan, langileak berriro aktibatuko dira zerrendetan.
Pertsonala lan egiteko moduan berriro aktibatuko da modalitate eta epe hauen arabera:
- Lehenengoa.– Uko egite justifikatuaren arrazoia lanpostu hutsen zerrendako izendapena denean, izangaiek 10 egun balioduneko epea izango dute, izendapen hori bukatzen denetik kontatzen hasita, eta berriro aktibatzea gehienez 3 egun balioduneko epean burutuko da, interesdunek kontratazio zerbitzuari izendapenaren bukaera komunikatzen diotenetik zenbatzen hasita.
-
Bigarrena.– Uko egite justifikatuaren arrazoia ordezkapenen zerrendako izendapena denean:
- a) Kontratazioa egiten den unean bukaera-data jakingo balitz, pertsonala "lan egiteko moduan" egoerara pasatuko da izendapena bukatu eta 3 egun natural lehenago, eta langile horiei eskaini ahal zaizkie bukaera-data horren ondorengo egunetik aurrera hasiera duten izendapenak.
- b) Kontratazioa egiten den unean bukaera-data jakingo ez balitz, berriro aktibatzeko gehienezko epea 10 egun baliodunekoa izango da, izendapena bukatu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, eta berriro aktibatzea burutuko da 3 egun balioduneko gehienezko epean, interesdunak kontratazio-zerbitzuari izendapenaren bukaera jakinarazten dionetik zenbatzen hasita.
- Hirugarrena.– Erabaki honen 6.2 atalaren a), b), c), d), e), f), g) h), j) zerrenda espezifikoetarako prestakuntzari buruzko atalean, k) eta ñ.3.) ataletako uko egiteko arrazoi justifikatuak direnean, izangaiek 10 egun balioduneko epea izango dute uko egitea bukatu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, eta berriro aktibatzea 3 egun balioduneko epean burutuko da, interesdunek arrazoiaren bukaera kontratazio zerbitzuari jakinarazten dioten unetik.
- Laugarrena.– Erabaki honen 6.2 atalaren i), j) zerrenda espezifikoetarako prestakuntzari buruzko atala izan ezik, l), m), n), ñ.1.) eta ñ.2.) ataletako uko egiteko arrazoi justifikatuak direnean, izangaiek 10 egun balioduneko epea izango dute uko egitea bukatu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, eta berriro aktibatzea burutuko da interesdunek arrazoiaren bukaera kontratazio zerbitzuari jakinarazi eta hilabetera.
- Bosgarrena.– 6.7. eta 6.9. ataletan ezarritako uko egiteko kasuetan 10 egun balioduneko epea izango dute, uko egite horiek bukatu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, eta berriro aktibatzea burutuko da interesdunek arrazoiaren bukaera kontratazio zerbitzuari jakinarazi eta hilabetera.
Atal honetako berriro aktibatzeko epe horiek bukatuko balira, interesdunek kontratazio zerbitzuari ezer jakinarazi gabe, langileak dagokien zerrendatik kanpo geratuko lirateke.
Dena dela, berriro aktibatzeko sistemak moldatu ahal izango dira dauden baliabide informatikoen arabera, eta horrela gertatzen bada, egiten diren aldaketak argitara emango dira.
-
Zortzigarren atala: Zerrendetatik kanpo geratzea
Kontratazio-zerrendetan dagoen pertsonala zerrenda horietatik baztertua izan daiteke atal honetan jasotzen diren arrazoiengatik eta ondorioekin. Zerbitzu-erakunde bakoitzeko Kontratazio Batzordeak aztertuko ditu baztertze horiek eta berriz aztertu ahalko ditu baztertuak izan direnek aurkez ditzaketen alegazioak kontuan hartuta.
Era berean, baztertutako pertsonala berriro sar daiteke zerrendetan. Osakidetzak beretzat gordetzen du baztertutako izangaiei berriro deitzeko eskubidea, kategoria/lanpostu funtzional jakin bateko indarrean dagoen zerrenda amaitzen denean eta behar asistentzial bat atzeratu gabe bete behar denean.
Zerrendak indarrean sartutakoan, 5. atalean ezarrita gerta daitezkeen kanpo geratzeko arrazoiez gain, zerrendetatik kanpo geratuko dira ondoren zehaztuko den arrazoiren bat betetzen duten izangaiak:
- a) Bi aldiz izendapen-eskaintza bati uko egitea, 6.2. atalean ezarri moduko uko egiteko arrazoi justifikaturik gabe.
- b) Osakidetzarekiko izendapen bat borondatez bukatutzat eman izana.
- c) Lanpostu hutsen zerrendako izendapen bati uko egitea, ordezkapenen zerrendako beste izendapen bat, 6 hilabete baino gutxiagokoa, indarrean izateagatik.
- d) Berriro ez aktibatzea, izangaiari lepora dakiokeena, 7. atalean ezarritako moduan.
-
Bederatzigarren atala: Zerrendak aldatzea
Legeak ezarritako arrazoiengatik ez ezik, kasu hauetan ere alda daitezke zerrendak:
- 1. Osasun-barruti batetik beste batera bizilekua aldatzeagatik, izangaiek eskatu ahal izango dute osasun barruti batean edo batzuetan sartu edo ateratzea, osasun-barruti batetik beste batera bizilekua aldatu dutela egiaztatuta dagokion errolda-ziurtagiriaren bidez.
Era berean, izangaiek eskatu ahal izango dute errolda egiten duten barrutiko zerbitzu-erakunde batean edo bitan sartzea, lehenago aukeratuta zeukaten zerbitzu-erakunde batetik edo bitik kanpo geratu ostean.
- 2. Kontratazio bat eskaintzeko deitu baino lehenago borondatez uko egiteagatik, erabaki honen 6.1. atalak ezarritako moduan eta kasuetan.
- 3. Urtero urtarrilean, lortzen diren hizkuntz eskakizunen egiaztagiriak aurkeztuta, Osakidetzan euskeraren erabilera normalizatzeko den martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuaren arabera eta dagokion prozeduraren bidez. Aldaketa horiek dagokion urteko martxoan sartuko dira indarrean.
- 4. Prest egotea asteburuetako zerbitzua indartzeko edo lanaldi laburtuko izendapenetara pasatzea.
-
Hamargarren atala: Lanpostu hutsak eta erreserbatuak betetzeko egoera espezifikoak
- Bete behar den lanpostuaren ezaugarriek hala exijitzen dutenean, hautaketa prozesua egingo da funtzio espezifikoak egiteko beharrezko baldintza teknikoak dituzten lehenengo bost pertsonen artean. Horretarako, hautatze-batzorde bat osatuko da eta bertan langileen ordezkari bat egongo da.
- Lanposturako pertsona egokia hautatu ondoren, horrek probaldia gainditu beharko du eskatzen zaizkion baldintzak benetan betetzen dituela egiaztatzeko. Probaldia gainditu ezean, lanpostua utzi beharko du.
-
Hamaikagarren atala: Ordezkapen eta ebentualitateetarako egoera espezifikoak
- Jarduera berezietarako eta 3.2. atalean araututako kontratazio-beharrizanak atenditzeko, dagokion zerbitzu-erakundeak zerrenda espezifikoak sor ditzake. Nolanahi ere, zerrenda horiek puntuazio-hurrenkeraren arabera antolatuko dira.
- Zerrenda espezifiko horietan sartu ahal izateko derrigorrezkoa da dagokion espezialitatearen titulua edukitzea, espezialitate hori bada edo izan bazen. Edo graduatuondoko prestakuntza eta/edo aipatutako arloetan azken 3 urteetan gutxienez 3 hilabete lanean ibili izana, hori egiaztatzeko justifikazioa aurkeztu behar delarik.
-
Hamabigarren atala: Prestakuntza
- Zerbitzu-erakundeek eskaini ahal izango dute, dagozkien zerrenda espezifikoak egiteko, egokitzat jotzen duten prestakuntza teoriko/praktikoa, dauden beharrizanen araberakoa eta 11. atalean aipatutakoari jarraituta.
- Prestakuntza espezifikorako eskaintza honek, zerbitzu-erakunde guztien arteko koordinazio-irizpideei lotuta egongo denak, zerrendako hurrenkerari eutsi beharko dio eta egiaztatuko da horretarako emango den ziurtagiriaren bidez. Izan ere, ziurtagiri horrek zerbitzu-erakunde guztietan balio izango du.
- Zerrendan dagoen baten bati prestakuntzako eskaintza egiten bazaio eta arrazoi justifikatuengatik ezin badu onartu, errespetatu egingo da zerrendan duen lekua; eta hurrengo prestakuntza-txandan berriro ere eskainiko zaio.
-
Hamahirugarren atala : Erreserbak
- Aste Santuko, gabonetako eta udako oporretarako protokolo bat prestatuko da aldi horietarako izendapenak egiteko konpromisoa hartzeko.
-
Hamalaugarren atala: Langileen ordezkariei izendapenen berri ematea eta izendapen horiek argitaratzea
- Zerbitzu-erakundeek Pertsonaleko Batzordeari hilero bidaliko diote egindako izendapenen informazioa, plaza hutsak betetzeko nahiz ordezkapen eta ebentualitateetarako izan, SAPen eskura dagoen txosten-ereduan. Era berean, dagokion Pertsonaleko Zuzendaritzako iragarki-oholetan argitaratuko dira, izendapenak jendaurrean jartzea bermatzeko.
- Sindikatuek emandako informazioarekiko auziren bat izanez gero, idatziz aurkeztu beharko dute izendapenak egin diren zerbitzu-erakundean, zeinak gehienez ere 30 egun balioduneko epean erantzungo baitu.
-
Hamabosgarren atala: Basurtuko eta Santiago Ospitaleetako zerrenda propioak
- Basurtuko eta Santiago Ospitaleek aldi baterako kontratazioari buruz arautegi propioa, hitzarmen kolektiboan bilduta, dutenez gero, eutsi egingo diote arautegi horri euren esparru barruan eta adierazita dagoen moduan. Bateraezina izango da kategoria berean ospitale horietako zerrenda propioetan eta Osakidetzako zerrenda orokorretan aldi berean egotea. Nolanahi ere, zerrenda hauek moldatuko dira Osakidetzan euskeraren erabilera normalizatzeko arloan indarrean dauden arauetara.
-
Hamaseigarren atala: Zerrenda berriak behar izatea
- 1. Arau orokor gisa, behin zerrendak indarrean, bosgarren atalean ezarritako irizpideen arabera, zerrenda horiek itxita geldituko dira.
-
2. Hala ere, A.1. Fakultatibo Mediko eta Teknikoen, B.1 Diplomatu Sanitarioen eta C.1 Teknikari Espezialista Sanitarioen lanbide-taldeei dagozkien kategoria/lanpostu funtzionaletan, zerrendak etengabe zabalik mantenduko dira. Horrela, urte batean zehar jasotako eskabideak hurrengo urteko lehen hiruhilekoan barematuko dira, laugarren atalean ezarritako irizpideen arabera, dagokien lehentasunaren arabera indarrean dauden zerrenden ondoren hurrenez hurren ordenatuta, aurkezten dituzten merituen arabera.
Barematu arte, eskabideak aurkeztutako dataren arabera ordenatuko dira eta egun berean aurkeztuak badira, adin handiagoaren irizpidea aplikatuko da, premiazko eta luzaezinezko behar bat betetzeko hori erabili beharra balego.
-
3. Orain dauden zerrendetan ageri ez diren kategoria/lanpostu funtzionaletan izendapenak egin beharra izanez gero, deialdi publiko bat egingo da izangaien zerrenda egiteko, dagokion hautaketa-prozesu ostean.
Hautaketa-prozesu horrek balioko du, hala badagokio, Osakidetzako sarearen gainerakoan eman daitezkeen kategoria/lanpostu funtzional bereko behar guztiak betetzeko.
- 4. Zerrendaren bat agortzen bada, izena emateko epe berri bat zabalduko da eskabide berrientzat. Eskabide horiek laugarren atalean aurreikusitakoaren arabera barematuko dira.
-
Hamazazpigarren atala: Zerrenden indarraldia
- Lehena.- Zerrenda bakoitza indarrean sartuko da dagokion kategoria/lanpostu funtzionalaren 2006ko Enplegu Publikoaren Eskaintzako hautatze-prozesuko destinoak esleitzen dituen Ebazpena EAAn argitaratu eta hurrengo egunean.
- Bigarrena.- 2006ko Enplegu Publikoaren Eskaintzaren ondorioz sortu beharreko zerrenda berriak egiteke baleude dagozkien kategorietan, honela jokatuko da:
- a) 3.1. atalean (bakanteen zerrenda) jasotako lanpostu hutsak betetzea, izangai gaindituen behin betiko zerrenda onartzen duen Giza Baliabideetako Zuzendariaren Ebazpenaren II. Eranskina (plazarik gabeko gaindituak) erabiliz egingo da.
- b) 3.2. atalean (ordezkapenen zerrenda) aurreikusitako izendapenak Erabaki hau indarrean sartzen den uneko Ordezkapen eta Ebentualitateen Zerrendaren bidez egingo dira.
- Hirugarrena.- 2006ko EPEn deitu ez diren espezialitate medikoetako kategoria/lanpostu funtzionalei dagozkien zerrendak, Erabaki honetan ezarritako irizpideen arabera egingo dira, oposizioaldiko notari buruzkoan izan ezik, nota hori egindako azken EPEkoa izango baita. Esperientzia profesionalaren ondorioetarako, 2006ko azaroaren 29ra arteko egindako zerbitzuak konputatuko dira.
Era berean, hautaketa—prozesurik egin ez den kategoria/lanpostu funtzionaletan, eta zerrendak egin behar izanez gero, egindako zerbitzuak 2006ko azaroaren 29raino konputatuko dira, eta euskerako hizkuntza-eskakizunak, Erabaki honen laugarren atalean aipatutako irizpideen arabera.
-
Hamazortzigarren atala: 2002ko EPEko hautaketa-prozesuaren puntuazioaren indarraldia
- 2004ko urtarrilaren 26ko Erabakitik sortutako zerrendetan izena eman zuen pertsonalari, 2006ko EPEren ondorioz sortutako zerrendetan izena ematea eskatzen badu, proportzionalki mantenduko zaio 2002ko EPEko oposizioaldian dagokion kategoria/lanpostu funtzionalean lortutako puntuazioa, 2006ko EPEn lortutakoa baino handiagoa bada, uztailaren 19ko 186/2005 Dekretua indarrean sartzean ondorioztatutako salbuespenetan izan ezik, betiere Erabaki honen Eranskinean sartzen diren kategoria/lanpostu funtzionalen baliokidetzen taularen arabera. Ebazpen horren bidez, Osakidetza Zuzenbide Pribatuko Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dira.
-
Hemeretzigarren atala: Erabakiaren indarraldia
- Erabaki honetan ezarritako araudia aplikatzekoa da 2002ko EPEtik nahiz 2006ko EPEtik eratorritako kontratazio-zerrendetan.
-
Hogeigarren atala: Indarrean sartzea
- Erabaki hau indarrean sartuko da onartu eta hurrengo egunean.
Vitoria-Gasteizen, 2008ko maiatzaren 29an.
2002ko ENPLEGU PUBLIKOAREN ESKAINTZA
KATEGORIA/LANPOSTU FUNTZIONALA |
2006ko ENPLEGU PUBLIKOAREN ESKAINTZA
KATEGORIA/LANPOSTU FUNTZIONALA |
Administraria |
Administraria |
Administrari laguntzailea |
Administrari laguntzailea eta Erab. Arreta |
Erizaintzako laguntzailea |
Erizaintzako laguntzailea |
Ez deitua |
Farmaziako laguntzailea |
Zeladorea |
Zeladorea |
Sukaldaria |
Sukaldaria |
Logopedian diplomatua |
Logopedian diplomatua |
Optika eta Optometrian diplomatua |
Optika eta Optometrian diplomatua |
Ez deitua |
Ekonomista |
Erizaina |
Erizaina |
Prebentzio Zerbitzuko erizaina |
Lan Osasuneko erizaina |
Ez deitua |
Osasun mentaleko erizaina |
Fakultatibo mediko eta tekniko espezialistak |
Fakultatibo mediko eta tekniko espezialistak |
Lehen Mailako Atentzioko farmazeutikoa |
Fak. tekniko farmazeutikoa |
Fisioterapeuta |
Fisioterapeuta |
Goi-mailako informatikaria |
Informatikaria |
Goi-mailako ingeniaria |
Goi-mailako ingeniaria |
Ingeniari teknikoa |
Ingeniari teknikoa |
Ez deitua |
Abokatua |
Emagina |
Emagina |
Ofiziala - ibilgailuetako gidaria
Ofiziala – ibilgailu berezietako gidaria |
Ofiziala - gidaria* |
Ofiziala - Instalazioetako gidaria |
Ofiziala - Mantentze-lanak |
Zerbitzuetako operarioa - Ikuzlea
Zerbitzuetako operarioa - Garbitzailea
Zerbitzuetako operarioa - Peoia
Zerbitzuetako operarioa – Sukaldeko laguntzailea
Zerbitzuetako operarioa - Lisatzailea
|
Zerbitzuetako langilea* |
Anatomia Patologikoko teknikari espezialista |
Anatomia Patologiko eta Zitologiako teknikaria |
Dietetika eta Nutrizioko teknikari espezialista |
Dietetikako teknikaria |
Ez deitua |
Dokumentazio Sanitarioko teknikaria |
Informatikako teknikari espezialista |
Informatikako teknikaria |
Ez deitua |
Elektromedikuntzako instalazioetako teknikaria |
Laborategiko teknikari espezialista |
Laborategiko teknikaria |
Administrazio-funtzioko kudeaketa-teknikaria |
Administrazio eta kudeaketako erdi-mailako teknikaria |
Ez deitua |
Euskeraren normalkuntzako erdi-mailako teknikaria |
Ez deitua |
Ergonomia eta Psikosoziologiako prebentzio teknikaria |
Erradiodiagnostikoko teknikari espezialista |
Erradiodiagnostikoko teknikaria |
Erradioterapiako teknikari espezialista |
Erradioterapiako teknikaria |
Administrazio-funtzioko goi-mailako teknikaria |
Administrazio eta kudeaketako goi-mailako teknikaria |
Ez deitua |
Euskeraren normalkuntzako goi-mailako teknikaria |
Ez deitua |
Antolakuntzako goi-mailako teknikaria |
Terapeuta okupazionala |
Terapeuta okupazionala |
Gizarte langilea |
Gizarte langilea |
* Ondorengo bi hauen artean puntuaziorik onena aukeratuko da: 2006ko EPEko puntuazioa edo 2002ko EPEko deialdian oraingo kategoriei dagozkien gidari ofizialen eta zerbitzuetako operarioen kategorietan lortutakoa